Ihes egin dezagun
Gela Urdina scape rooma
Istorioa
Kondaira zahar baten hitz galduek diote itsaso harroak naufrago eri bat isuri zuela Zarauzko hondartzara 1572. urtean. Narros jauregiko ugazabek jaso zuten arrotza eta Gela Urdina izeneko gelan artatu zuten osatu bitartean.
Iritsi zaigunez, naufrago arrotza katolikoek piztu zuten Parisko San Bartolome gaueko sarraskitik ihesi zebilen hugonotea zen; galeoi ingeles batean etxera bidean Arroxelan porturatu zena eta ekaitz itzelezko baten erruz Kantauriko urertzetan galdu zena.
Onera egin beharrean baina, naufragoak okerrera egin zuen eta, maldizioka aritzen zen. Azkenerako, sakramentu katolikoak hartzea baztertuta hartu zuen azken hatsa Gela Urdinean.
Ordutik, abuztuaren 23ko gauean, San Bartolome egunez, naufrago ingelesaren oihu eta intziriak aditzen direla diote, eta baita jauregian eskegita dauden koadroek bizia hartzen dutela ere.
Gela Urdinaren kondaira gogora ekarriz, 2018. urte honetan, hotel bat egin nahi izan dugu, baina badirudi argitu gabeko misterioak oraindik dantzan dabiltzala. Prest al zaude naufragoa nork, nola eta zergaitik hil zuen argitzeko?
Partaideak
2-5 pertsona.
Prezioa, iraupena eta lekua
Prezioa: parte hartzaile kopuruaren arabera, 60 eta 85 euro artean.
Iraupena: ordu 1.
Lekua: Zarautz.
EGONAK eta Experientziak kudeatutako esperientzia
Elkano scape rooma
Istorioa
Itsas haizearen ahotsak dira Elkanoren arima ezezaguna dakartenak. Itsas haizearen ahots tranpatiak. Kontatu dizkigute marinel getariarraren balentriak. Entzun dugu munduari itzulia eman zioneko odisearen bertsio heroikoa. Irakurri ditugu testuinguru okerrean edota zuzen antzean kokatutako Elkanoren profil askotarikoak: nabigatzailea, iruzurgilea, itsaslaminei euskaraz mintzo zitzaien arrantzalea, koroaren aldeko gerlari odolzalea, maitale eskuzabala, bortxatzaile koldarra, eskifaiarekiko fidela, goi kargodunarekiko traidorea, Espainiako enperadoreari leiala, berpizkundeko ilustratua, elizkoia, deabruarekin ezkutuko ituna sinatu zuen kristaua, gizonkeriak garaitu zuen gizona, gizatasunaz hezia izan zen semea… merkea izan daiteke memoriari etiketak jartzea.
Halabeharrez, itzulera gabeko bidaia guztietan beti gelditzen da zerbait ahaztua. Norbait zain. Mutu. Historiak isilarazia.
Zure esku dago abentura. Hemen ez zaizu historiaren irakurketa berririk azalduko. Edo agian bai. Gune honetan ez duzu Joan Sebastian Elkanok bizi izan zuen garaiaren egiarik edo gezurrik aurkituko. Edo agian bai. Hemen, gehienez, zure burua apur bat gehiago ezagutuko duzu. Edo agian ez. Eta zalantza egitea ez da gutxi.
Partaideak
2-5 pertsona.
Prezioa, iraupena eta lekua
Prezioa: parte hartzaile kopuaren arabera, 60 eta 85 euro artean.
Iraupena: ordu 1.
Lekua: Getaria.
Elkarlana:
Egona Zarautz eta Experientziak